Hasiera-ra joan

Aholku Batzordeko Sailkapen Batzordearen ohar garrantzitsua.

Argitalpen-data: 

Otsailaren 18tik aurrera, Aholku Batzordeko Sailkapen Batzordeak eta bere Unitate Teknikoak beraiei eragiten dieten gaiei buruzko espedienteen tramitazio elektronikoa onartuko dute soilik

4/2019 EBAZPENA, URTARRILAREN 17KOA, ONDARE ETA KONTRATAZIO ZUZENDARITZARENA. HONEN BIDEZ ADIERAZTEN DA NAHITAEZ ERABILI BEHAR DIRELA BITARTEKO ELEKTRONIKOAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEN SAILKAPENA, HAREN MANTENTZEA ETA BERRIKUSPENA IZAPIDETZEKO

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak (administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearena) 14. artikuluan ezartzen ditu administrazio publikoekiko harremanetan bide elektronikoak erabiltzeko eskubidea eta betebeharra. Xedatzen du, horretarako, administrazio publikoekiko harremanetan edozein izapide administratibo egiteko bitarte telematikoak erabili behar dituztela pertsona juridikoek, nortasun juridikorik gabeko erakundeek, elkargokide izatea nahitaezkoa den lanbide-jardueraren bat egiten dutenek, Administrazioarekiko harremanetan bide elektronikoak erabiltzera behartuta dagoen interesdunen bat ordezkatzen dutenek, eta, azkenik, administrazio publikoetako langileek, langile publikoak diren aldetik administrazio publikoekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Administrazio bakoitzak erregelamenduz zehazten duen moduan erabili behar dira bide elektronikoak.

Goian aipatutako 14. artikuluak pertsona fisikoak salbuesten ditu aurreko paragrafoan azaldutako betebeharretik; haiek noiznahi erabaki dezakete administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak bitarteko elektronikoak erabiltzera.

Azaroaren 8ko 9/2017 Legeak (sektore publikoko kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora) hamabosgarren xedapen gehigarrian ezartzen du, lege horretan araututako prozeduretan —eta sailkapena 77.-83. bitarteko artikuluetan araututa dago, neurri batean behintzat— erabil daitezkeen komunikazio-bideei buruz, lege berak aipatzen dituen jakinarazpenak horretarako prestatutako helbide elektronikoa erabiliz edo, bestela, agerraldi elektronikoaren bidez egin ahalko direla. Estatuko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak pertsona fisikoak ere atal horretan sartzen ditu.

Uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzekoa) Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen sailkapenaren berezitasunak arautzen ditu 39.-43. bitarteko artikuluetan. 39. artikuluko 2. apartatuak dioenez, sailkapenari buruzko erabakiak hartzeko, sektore publikoko kontratuen legedian adierazitako arauak eta irizpideak aplikatu behar dira. Era berean, 40. artikuluko 3. apartatuak dioenez, emandako sailkapenari eusteko eta sailkapen hori ofizioz berrikusteko prozeduretan, sektore publikoko kontratuei buruzko legediaren garapen-arauetan ezarritakoa beteko da. Badira tresna egokiak horretarako, hau da, enpresek, pertsona fisiko nahiz juridiko izan, bide elektronikoak erabiliz harreman eraginkorrak izateko Sailkapen Unitate Teknikoarekin.

Kontratazioari buruzko araudia zuzenbide berezia da, 39/2015 Legeak ezarritako zuzenbide orokorraren aurrean, eta sailkapen-prozeduretan esku hartzen duten pertsona fisikoak pertsona juridikoen ahalordedunak izaten dira, edo bestela autonomoak edo/eta elkargokideak izan eta enpresa-unitate bat osatzen dute. Horregatik, kasu guztietan pentsatu behar da, kontrako frogarik ezean, badituztela izapide elektronikoak egin ahal izateko behar diren gaikuntza eta bitartekoak.

EBAZTEN DUT 

LEHENENGOA.- SAILKAPEN UNITATE TEKNIKOAREKIKO eta SAILKAPEN BATZORDEAREKIKO harremanetan 2019ko otsailaren 18tik aurrera nahitaez bide elektronikoak erabili behar direla adieraztea.

BIGARRENA.- Argitara bedi ebazpen hau Euskadiko Kontratazioaren Plataforman.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 17a.

Sin.: David Alvarez Martínez

ONDARE ETA KONTRATAZIOKO ZUZENDARIA

Euskadi, auzolana