Hasiera-ra joan

informazio orokorra

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sortu zuen –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011rako aurrekontuak onartzekoak–. Organoak (bere araudia legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasota dago) xede hau du: toki-erakundeen, Euskal Autonomia Erkidegoaren, horiei loturiko sektore publikoaren EHUren, Legebiltzarraren eta mendeko organoen kontratu publikoen arloko gatazkak ebaztea, kontratazio publikoaren oinarrizko printzipioak (tratu-berdintasuna, osotasuna, gastu publikoaren efizientzia eta egiazko lehia ziurtatzea) betetzen direla bermatzeko, botere publikoen eta eragile ekonomiko nahiz sozialen onuran denez. Bestalde, organo efizientea, gardena, ordenamendu juridikoari atxikia eta kontratazio-arloko doktrina-erreferentzia izatea du ikuspegi. Maiatzaren 31ko 103/2011 Dekretuaren bidez (EHAA, ekainak 3), José Antonio Ausín Unzurrunzaga izendatu zuten lehen titular. Agintaldia amaituta, urriaren 31ko 242/2017 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren titular izendatu zen María Begoña Arroitajauregui Jayo andrea, eta haren ordezko –plaza huts, absentzia edo gaixotasun kasuetarako–, Francisco Javier Elola del Río.

Organoaren izatasuna eta ezaugarriak

Abenduaren 23ko 5/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera, organoa izaera administratibokoa da, eta independentzia funtzional osoz dihardu. Kontratazio publikoaren arloko sail eskudunari atxikita dago, ez ordea administrazioaren egitura hierarkikoaren barne. Organo horrek objektibotasunez eta inpartzialtasunez gauzatzen du bere funtzioa, eta ez du inolako lotura hierarkikorik ez horren eraginpeko administrazio publikoekin, ezta administrazio horien organoek emandako jarraibideekin ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa, hasiera batean, kide bakarrekoa izango da, baina kide anitzeko organo bihurtuko da dagokion erregelamendu-xedapena ematean.

Organoaren jarduera-eremu materiala

Honako egintza hauetara iristen da Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren eskumen materiala:

a) SPKLTBaren 44. artikuluko 2. aparatuan zerrendatzen diren egintzen aurka jartzen diren kontratazio-arloko errekurtso bereziak ebaztea, arau horretako 1. apartatuan aipatzen diren kontratu motei buruzkoak direnean.

b) Erreklamazioak ebaztea, uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legearen 101. eta 109.tik 111.ra arteko artikuluetan, —abuztuaren 5eko 34/2010 Legean emandako idazketaren arabera— aurreikusten diren kontratuen esleipen-prozedurei dagokienez.

c) Urriaren 30eko 31/2007 Legeak arautzen dituen kontratazio- eta erreklamazio-gaien kontrako errekurtso bereziak aurkezteko zilegitasuna dutenek eskatzen dituzten behin-behineko neurriak hartzeari buruz erabakitzea.

Esparru subjektiboa

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren sektore publikoaren eta toki-administrazioen botere esleitzaileak, SPKLren ondoreetarako administrazio publiko izan edo ez. Kontratazio-arloko errekurtso bereziak eta foru-aldundien eta horien mendeko sektore publikoaren kontratazio-arloko berrikuspen-araubide bereziari atxikitako egintzen aurkako erreklamazioak salbuesten dira, foru-aldundi bakoitzak kontratu-errekurtsoetarako organo administratibo bana sortu duelako arau hauen bitartez:

  • Araban, 44/2010 Foru Dekretua. Horren bidez, Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboa sortzea onartzen da (ALHAO, 115, 2010eko urriaren 8koa, 11119-11125. orr.).
  • Bizkaian, 102/2010 Foru Dekretua, irailaren 29koa, kontratuei buruzko errekurtsoen auzitegi forala sortzen duena (BAO, 197, 2010eko urriaren 13koa, 24537-24544. orr.).
  • Gipuzkoan, 24/2010 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Kontratazio alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboa sortu eta arautzekoa (GAO, 203, 2010eko urriaren 22koa, 2-9. orr.).

Azken aldaketako data:

Euskadi, auzolana