Kontratazio Publikoa Euskadin

www.euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kontratazio Publikoa Euskadin
  4.  
  5. Kontratuen Erregistroa
 

Legezko oinarria, Kontratuen egoera

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 DEKRETUAk (EHAA 166 zk., 2016ko irailaren 1a, osteguna) ondorengo moduan definitzen du kontratuen erregistroa:

II. KAPITULUA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KONTRATUEN ERREGISTROA

52. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeetako kontratazio-organoek egindako kontratu guztiak jasotzea.

53. artikulua.– Mendekotasun organiko eta funtzionala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroa kontratazioaren alorrean eskumena duen sailari atxikita dago, eta bere egitura organikoa eta funtzionala Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren mende dago.

54. artikulua.– Eginkizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroan kontratuei eta haien esleipenei buruzko informazioa jaso behar da. Horretarako, hauei buruzko informazioa ere jaso behar da erregistroan, Kontratatzailearen Profilean kontratuei buruz argitaratzen diren oinarrizko datuez gain: kontratuen aldaketak, luzapenak, epeen edo prezioen aldaketak, azken zenbatekoa eta azkentzea, baita kontratuari uko egiteko eta kontratuetan atzera egiteko erabakiak ere.

Jasotako datuak eta informazioa oinarri hartuta, Kontratuen Erregistroak eginkizun hauek izango ditu:

a) Egindako kontratuen kontratu-estatistika bat egitea.

b) Txosten hauek egitea, modu sinplifikatu eta automatikoan: alde batetik, kontratu publikoei buruzko araudian kontratuak adjudikatzeko prozedurei buruz aurreikusten diren txostenak, eta, bestetik, Europako Erkidegoak kontratazio publikoari buruz, kontzesio-kontratuak adjudikatzeari buruz eta uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako erakundeen kontratazioari buruz dituen zuzentarauetan kontratuak adjudikatzeko prozedurei dagokienez aurreikusten diren txostenak.

c) Kontratazio-organoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroari jakinaraztea kontratuak gauzatzerakoan gertatutako gorabeherak, kontratistari egotz dakizkiokeenak eta kontratua suntsiaraztea eragin dutenak, baita erregistroan jasota dagoen eta organo horientzat interesekoa izan daitekeen beste informazio guztia ere.

d) Komunikazioa edukitzea Estatuko Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroarekin, informazio gehigarriaren alorreko legezko betebeharrak betetze aldera.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak bere eginkizunak bete ahal izateko eskatzen dion informazioa ematea.

55. artikulua.– Inskribatu beharreko kontratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek sektore publikoko kontratuen lege-esparruan egiten dituzten kontratuak inskribatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroan.

56. artikulua.– Kontratuen inskripzioaren edukia.

Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren aginduz xedatuko da aurreko artikuluan adierazitako kontratuen inskripzioaren edukia. Nolanahi ere, kontratu publikoen eta gardentasunaren alorreko betebeharrak betetzeko indarrean dauden xedapenetan ezarritakoa bilduko du, gutxienez, eduki horrek.

57. artikulua.– Datuak Kontratuen Erregistrora bidaltzea.

Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez xedatuko da nola eta zer epetan bidaliko den inskribatu beharreko kontratuei buruzko informazioa, eta, hala badagokio, zer formatu eta zehaztasun izan behar dituzten kontratazio-organoek erabiliko dituzten bitarteko informatikoek, dekretu honetan xedatutakoa betetze aldera.

Modu telematikoz bidali behar da informazioa, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak horretarako propio eskuragarri jarriko duen tresna informatikoaren bidez.

58. artikulua.– Kontratuen Erregistroko datuen eskuragarritasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroko datuak modu telematikoan eskuratzeko moduan egongo dira legez egotzitako eskumenak erabiltzeko hala behar dituzten administrazioko organoentzat, eta, bereziki, gastuen fiskalizazioko eta kontrol ekonomikoko arduradunentzat.

Era berean, eta datu pertsonalak babesteko arauek ezarritako mugen barruan, isilpekoak ez diren datuak herritarrek kontsultatzeko moduan jarriko dira.

59. artikulua.– Beste erakunde batzuen kontratuak sartzea.

Dekretu honen 52. artikuluan adierazi ez diren erakundeek adjudikatutako kontratuei buruzko datuak eta informazioa erregistratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroan, beren borondatez hala egitea erabakitzen badute. Hala eginez gero, kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

 

Bestalde, kontratuen publikotasuna arautzerakoan, testu berak zera dio:

KONTRATUEN PUBLIKOTASUNA

68. artikulua.– Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma.
1.– Kontratazioaren alorrean eskumena duen sailak, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren bidez, Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma eskuragarri jarriko die Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazio-organo eta foru- zein toki-administrazioetako kontratazio-organo guztiei, kontratuen publikotasuna eta gardentasuna errespetatzeko ataria den aldetik.

2.– Plataforma horretan nahitaez jasoko dira kontratatzailearen profila eta kontratazioaren publikotasuna eta gardentasuna bermatzeko gainerako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kontratazio-organoei dagokienez. 

3.– Euskadiko sektore publikoko gainerako kontratazio-organoek, baita foru- eta toki-administrazioetakoek eta haien mendeko erakundeek, organismoek eta entitateek ere, plataforma horretarako sarbidea izango dute, eta hura erabili ahal izango dute kontratuak publiko egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen baldintza berberetan, eta ez dute horretarako bitarteko juridikorik formalizatu beharko.

4.– Operadore ekonomikoei eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainei kontratu publikoak egiteko ahalik eta aukera gehien ematea du xede plataformak. Horretarako, kontratazio publikoaren prozesuan bitarteko elektronikoak erabiltzen lagunduko die. Kontratazio publikoarekin zerikusia duten gainerako informazio-sistemetarako sarbidea ere izango dute; esate baterako, eskuragarri izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa eta Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

69. artikulua.– Edukiak eta sarbidea. Kontratazio Publikoa Euskadin plataformak eduki eta prestazio hauek izango ditu

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Erregistroko informazio publikoa.

 

3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duena: EAO 276. zkia., 2011ko azaroaren 16koa. Hutsen zuzenketa, EAO 29. zkia., 2012ko otsailaren 3koa



Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroa 

333. artikulua. Sektore publikoko kontratuak erregistratzea.

1. Ekonomia eta Ogasun Ministerioak kontratuen erregistro bat sortu eta mantenduko du, eta, bertan, herriadministrazioek eta lege hau bete behar duten sektore publikoko gainerako erakundeek esleitutako kontratuei buruzko oinarrizko datuak jasoko dira.

2. Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroa Espainiako kontratazio publikoari buruzko informazioa jasotzeko sistema ofizial nagusia da, eta, hala den neurrian, baita ondorengo guztietarako euskarria ere: kontratazio publikoaren berri izan, aztertu eta ikertzeko; kontratazio publikoari buruzko estatistikarako, Espainiak kontratazio publikoari buruzko informazioaren gainean nazioartean dituen betebeharrak betetze aldera; legez aurreikusita dagoen moduan, administrazioko beste organo batzuei kontratuei buruzko datuak jakinarazteko; eta, orokorrean, informazio hori guztia jendaurrean jartzeko, gardentasunprintzipioak eskatzen duenaren arabera. Erregistro hori aginte publikoen tresna izango da, beren eskura egongo da, kontratazio publikoaren prozedurak eta jokabideak etengabe berrikusi eta hobetzeko, hornitzaileen kalitatea, fidagarritasuna eta eraginkortasuna aztertzeko, eta merkatu publikoen lehia eta gardentasuna ikuskatzeko.

3. Herri-administrazio guztietako eta lege honen aplikazio-eremuko gainontzeko erakunde guztietako kontratazio-organoek kontratu esleituei buruzko oinarrizko datuak jakinaraziko dizkiote Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroari, bai eta, beharrezkoa bada, zein aldaketa izan diren datu horietan, dela luzapenak, epeen edo prezioen aldaketak, azken zenbatekoa zein den, eta noiz azkenduko den kontratua, eta datu horiek erregistroan jasoko dira. Erregelamendu bidez zehaztuko da komunikazio horien edukia eta epea.

4. Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroari kontratuei buruzko datuak jakinarazteko, bide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiliko dira, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak zehazturiko moduan, autonomiaerkidegoekin bat.

5. Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroak bere datuetara telematikabaliabideak erabiliz sartzeko aukera eskainiko die legez eman zaizkien eskumenez baliatzeko hala behar duten administrazio-organoei, eta bereziki gastua fiskalizatzeko edo tributuak ikuskatzeko eskumena duten organoei, betiere erregelamendu bidez zehaztuko den moduan. Era berean, eta datu pertsonalak babesteko arauek ezarritako mugen barruan, isilpekoak ez diren datuak herritarrek kontsultatzeko moduan jarriko dituzte, baldin eta aldez aurretik ez badira bide telematikoen eta interneten bidez jendaurrean jarri.

6. Baldin eta beste administrazio batzuek kontratuen erregistroak badituzte, eta eskumen-esparruaren aldetik antzekoak badira, 3. paragrafoan aipatzen den datuen komunikazioaren ordez, kontratuen erregistroen arteko komunikazioa baliatzeko aukera egongo da. Ekonomia eta Ogasun Ministerioak erregelamendu bidez zehaztuko du zer nolako baldintzak beharko diren Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroaren eta kontratuen gainontzeko erregistroen arteko datuak sinkronizatzeko.

7. Kontratu bakoitza zehaztasunez identifikatzeko modua egongo dela bermatzeko, administrazioek eta erakunde komunikatzaileek identifikaziokode bat emango diote bakoitzari, eta kode hori bakarra izango da administrazio bakoitzaren eskumenen esparruan. Ekonomia eta Ogasun Ministerioak erabakiko du identifikatzaile bakar horiek zein arauren arabera emango diren, Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroan kontratu bakoitza zalantzarik gabe identifikatuko dela ziurtatze aldera, eta kontratuen gainerako erregistroekin koordinatuta aritzeko modua izate aldera.

8. Gobernuak, urtero, Espainiako kontratazio publikoari buruzko txosten bat aurkeztuko du Gorte Nagusietan, Sektore Publikoko Kontratuen Erregistroak emandako datuak eta azterketak oinarri hartuta.

 

Kontratuen egoera

Kontratuak zenbait egoera desberdinetan egon daitezke:

Exekuzioan: Kontratua exekutatzen hasterakoan, teknikariak kontratuaren egoera “Formalizatzea”-tik “Exekuzioa”-ra aldatu beharko du. Datu batzuk betetzeko unea izango da hori: kontratuaren aldaketei eta luzapenei buruzko datuak, baita kontratuen epeen edo prezioaren aldaketei buruzkoak ere.

Amaitutakoak:Behin kontratua amaituta, kontratazio teknikariak kontratuaren egoera “Exekuzioan”-etik “Amaituta”-ra aldatu ahal izango du. Une horretan, teknikariak azken zenbatekoari eta kontratuaren azkentzeari buruzko datuak bete ahal izango ditu.

Azken eguneratzea: 2018/02/05
Euskadi, auzolana