Kontratazio Publikoa Euskadin

www.euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kontratazio Publikoa Euskadin
 

Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoa

Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoa
5/2010 Legeak, abenduaren 23koak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontuak onartzen dituenak, sortu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoa. Horren araudia Lege horren Zortzigarren Xedapen Gehigarrian jasota dago. Organo berri horren helburua da kontratazio-alorreko errekurtso bereziak, erreklamazioak eta deuseztasun-auziak ebaztea, baldin eta botere esleitzaileetatik eratortzen badira eta beren eskumenekoak diren kontratuei badagozkie. Botere adjudikatzaile horiek ez dute nahitaez administrazio publiko izan behar 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretuaren (azaroaren 14koa, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duena; aurrerantzean SPKLTB) 3. artikuluaren arabera, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta horren lurraldeko tokiko administrazioen sektore publikoetan integratuta egon beharko dute (hiru foru-aldundiak alde batera utzita), horri esker irizpide bakar eta homogeneoak ezarri ahalko baitira kontratazio publikoari dagokionez aipatutako administrazioen esparru osoan. Organoaren azken helburua da bere ebazpenak hartzeko orduan gardentasuna, beregaintasuna, inpartzialtasuna eta eraginkortasuna gailentzea. Organo berri horren sorrera 2011ko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen arren, bere jardunaren hasiera atzeratu egin zen Gobernu Kontseiluak Organoaren titularra izendatu arte. Gertaera hori maiatzaren 31ko 103/2011 Dekretuaren bidez gauzatu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, ekainaren 3an, aipatutako kargua Jose Antonio Ausin Unzurrunzagaren esku uzteko.

Organoaren izatasuna eta ezaugarriak

Abenduaren 23ko 5/2010 Legeak Zortzigarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, organo horren izatasuna administrazio-organo espezializatuarena da, bere eskumenen gauzatzean beregaintasun funtzional osoz diharduena, eta, Administrazioaren egitura hierarkikoan sartu gabe, kontratazio publikoaren arloan eskumena duen sailari atxikitzen zaiona. Organoak objektibotasunez eta inpartzialtasunez beteko du bere eginkizuna, inolako lotura hierarkikori atxiki gabe eta erasandako herri-administrazioetako organoetatik inolako jarraibiderik jaso gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa, hasiera batean, kide bakarreko izaeraz sortu da.

Organoaren jarduera-eremu materiala

Honako egintza hauetara iritsiko da Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren eskumen materiala:
a) SPKLTBaren 40. artikuluko 2. paragrafoan zerrendatzen diren egintzen aurka jartzen diren kontratazio-alorreko errekurtso bereziak ebaztea, arau horretako 1. paragrafoan aipatzen diren kontratu motei buruzkoak direnean.
b) SPKLTBaren 37.1 artikuluan jasotzen diren kontratu-deuseztasuneko kasu berezietan oinarritutako deuseztasun-auziak ebaztea.
c) Uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legearen 101. eta 109tik 111ra arteko artikuluetan, abuztuaren 5eko 34/2010 Legeak emandako idazketan, aurreikusten diren kontratuen esleipeneko eta deuseztasuneko auzietako prozeduretan aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
d) Urriaren 30eko 31/2007 Legearen babesean egindako kontratazio- eta erreklamazio-alorreko errekurtso berezietan, errekurtso horiek jartzeko zilegituek eskatu dituzten behin-behineko neurriak hartzeari buruz erabakitzea.

Esparru subjektiboa

Botere esleitzaileak, SPKLTBaren arabera herri administraziotzat jo daitezkeen edo ez axola gabe, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta horren lurraldeko tokiko administrazioen sektore publikoetan integratuta badaude. Salbuespena dira kontratazio alorreko errekurtso bereziak, deuseztasun-auziak eta erreklamazioak baldin eta hiru foru-aldundietatik eta horien mendeko sektore publikotik eratorritako kontratazio-arloko berrikusketa-erregimen berezira atxikitako egintzen aurka jartzen badira, foru-aldundiek kontratuen inguruko errekurtsoentzako beren administrazio-organoak sortu baitituzte, arau hauen bidez:
-Araban, 44/2010 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Kontratu Errekurtsoen Foru Organo Administratiboa sortzen duena (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 115. zk, 2010eko urriaren 8koa, 11119-11125 orriak).
-Bizkaian, 102/2010 Foru Dekretua, irailaren 29koa, kontratuei buruzko errekurtsoen auzitegi administratibo forala sortzen duena (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 197. zk, 2010eko urriaren 13koa, 24537-24544 orriak).
-Gipuzkoan, 24/2010 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Kontratazio alorreko errekurtsoetarako Foru Auzitegi Administratiboa sortu eta arautzekoa (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 203. zk, 2010eko urriaren 22koa, 2-9 orriak).
Azken eguneratzea: 2017/01/09
Euskadi, auzolana