Hasiera-ra joan

2/2020 ZIRKULARRA, MARTXOAREN 26KOA, ONDARE ETA KONTRATAZIO ZUZENDARITZAKOA

Argitalpen-data: 

2/2020 ZIRKULARRA, MARTXOAREN 26KOA, ONDARE ETA KONTRATAZIO ZUZENDARITZAKOA: COVID-19REN INPAKTU EKONOMIKO ETA SOZIALARI AURRE EGITEKO EZOHIKO PREMIAZKO NEURRIE BURUZKO MARTXOAREN 17KO 8/2020 ERREGE LEGE-DEKRETUAREN 34. ARTIKULUAN EZARRITAKO KONTRATAZIO PUBLIKOAREN ARLOKO NEURRIAK.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 5. artikuluko 8. paragrafoaren arabera, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren eskumenen artean dago honako hau:

“[…] c) Kontratazioaren arloan, zirkularrak ematea eta gomendioak edo arauak onartzea”.

Hala bada, eta COVID-19k eragindako nazioarteko pandemia deklaratu izanaren ondorengo salbuespenezko inguruabarrak kontuan hartuta eta COVID-19ren eragineI aurre egiteko kontratazio publikoaren arloan hartu diren neurriak bete beharrez (COVID-19ren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko presazko neurrien martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluan datoz zehaztuta neurriok), zirkular hau damaigu, kontratazio publikoaren alorreko neurriak eragin ditzakeen interpretazioak argitzeko aldera.

Hona zer dioen Errege Lege Dekretuak horren 34. artikuluak:

«1. Besterik gabe etenda geratuko dira prestazioa etetea eragin duen egoera sortu denetik eta prestazio hori berriz emateko modua sortu artean, Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean dauden zerbitzuen eta ondoz ondoko horniduren kontratu publikoak, sektore publikoko erakundeek Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztutako moduan egindakoak. Izan ere, Lege horren bidez, Espainiako ordenamendu juridikora erakarri behar dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak. Baina orain ezinezkoa da halakorik egitea, COVID-19ren ondorioz edo Estatuak, autonomia-erkidegoek nahiz toki-administrazioak horri aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz. Gerora, prestazioa berriz hasteko modua egongo da, prestazioa eragozten zuten inguruabarrak edo neurriak amaitu ondoren, kontratazio-organoak kontratistari etena amaitu dela jakinarazten dionean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, kontratu publiko baten exekuzioa eteten bada, erakunde adjudikatzaileak kontratistari ordaindu beharko dizkio etenaldian zehar kontratistak benetan jasandako kalte eta galerak, aldez aurretik kontratistak kalte eta galera horiek egiazkoak izan direla, zenbat izan diren eta eraginkorra izan direla egiaztatuta.

Kontratistari kalte-ordain hauek besterik ez zaizkio emango:

1. -2020ko martxoaren 14an kontratuaren exekuzio arruntera atxikita zeuden langileei, kontratua etenda dagoen bitartean kontratistak benetan ordaindu zizkien soldata-gastuak.

2.- Behin betiko bermea mantentzeak eragindako gastuak, kontratua etenik egon den garaikoak.

3.- Makina, instalazio eta ekipoen alokairu-gastuak edo mantentze-kostuak, kontratua etenda egon den aldikoak, baldin kontratua gauzatzeari zuzenean atxikita badaude eta kontratistak egiaztatzen badu bitarteko horiek ezin izan direla beste inongo helburutarako erabili kontratua etenda egon bitartean.

4.- Agirian aurreikusitako eta kontratuaren xedeari lotutako aseguru-polizei dagozkien gastuak, kontratistak sinatuak badira eta kontratua eteteko unean indarrean badaude.

Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzerik izango da soil-soilik, baldin kontratazio-organoak, kontratistak eskatuta eta bost egun naturaleko epean, kontratua gauzatzeko ezintasunaren bat hauteman badu, kontratuko lehenengo paragrafoan deskribatutako egoeraren ondorioz. Helburu horrekin, kontratazio-organoari aurkeztu beharko dio eskaera kontratistak, eta honako hauek adierazi beharko ditu: zergatik izan den ezinezkoa kontratua betearaztea; zenbat langile, bulego, ibilgailu, makina, instalazioa eta bestelako ekipo dituzten kontratua gauzatzeko atxikita une jakin horretan; eta zein arrazoi dauden kontratistak aipatutako baliabideak beste kontratu batean erabiltzerik ez izateko. Baliteke eskabidean adierazten diren inguruabarrak egiaztatu behar izatea gero. Adierazitako epe hori igaro eta kontratistari ez bazaio berariazko ebazpenik jakinarazi, ezetsitzat joko da eskaera.

Artikulu honetan aipatzen diren eteteei ez zaie aplikatuko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 208. artikuluaren 2.a) paragrafoan xedatutakoa, ez eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 220. artikuluan xedatutakoa ere.

Gainera, ondoz ondoko zerbitzuen eta horniduren kontratu publikoetan, kontratu bat epemugara iristean prestazioaren jarraipena ziurtatuko duen kontratu berria oraindik formalizatzeke badago, kontratazio-prozedimendua bertan behera dagoelako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duenak, xedatutakoaren ondorioz, eta legokion kontratu berria formalizatzerik ez balego, orduan Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 29.4 artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitakoa aplikatzeko aukera izango da, kontratu berriaren lizitazioa zein egunetan argitaratu den aintzat hartu gabe.

Artikulu honen arabera sektore publikoko kontratuak etetea ez da, inola ere, kontratuak suntsiarazteko kausa izango.

2. Aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako zerbitzu- eta hornidura-kontratu publikoen kasuan, demagun kontratu horiek indarrean zeudela errege lege-dekretu hau indarrean jartzean, eta sektore publikoko erakundeek azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztutako moduan egindakoak direla, eta ez daudela beren xedea galduta COVID-19k sortutako izatezko egoeraren ondorioz; halako kontratuen kasuetan, kontratista atzeratu egin bada kontratuan ezarritako epeak betetzen, -COVID-19ren ondorioz edo Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak horri aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz- eta baldin hark badio hartutako konpromisoak ongi beteko dituela hasierako epea edo abian den luzapena luzatzen bazaio, baliteke kontratazio-organoak epe luzeagoa ematea: kasu horretan epe hori, gutxienez, aipatutako arrazoiagatik galdutako denboraren bestekoa izango da, kontratistak beste epe laburragoa eskatzen ez badu behintzat. Kontratazio-organoak epea luzatzeko baimena emateko, kontratuaren obra-zuzendariak txostena eman behar du aurrez. Txosten horretan zehaztuko du atzerapena ez dela kontratistari egotz dakiokeen kausagatik izan, baizik eta COVID-19ren ondorioz gertatu dela, aurreko paragrafoan adierazitako moduan. Kasu horietan, kontratistari ez zaio zigorrik ezarriko, ezta kontratua suntsiaraziko ere.

Horrez gain, atal honen lehenengo paragrafoan aipatutako kasuetan, kontratistek eskubidea izango dute COVID-19ren ondorioz galdutako denbora dela-eta benetan izan dituen soldata-gastu gehigarrien ordaina ere jasotzeko, baina kontratuaren % 10 gehienez. Ordainketa hori egiteko, ezinbestekoa da aldez aurretik eskaera egitea, eta kontratistak gastu horiek zenbatekoak diren adieraztea, bai eta egiazkoak eta eraginkorrak direla ere..

3. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean dauden obra-kontratu publikoetan, baldin sektore publikoko erakundeek azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztu bezala egindakoak badira, eta baldin kontratu horiek xedea galduta ez badute COVID-19k sortutako egitatezko egoeraren edo Estatuak hartutako neurrien ondorioz, eta neurri horiek direla-eta ezinezkoa baldin bada oraingoz kontratua burutzea, halakoetan, kontratistak prestazioa eten dadila eskatzeko aukera izango du, prestazioa ematea eragotzi duen egitatezko egoera gertatzen denetik hasita, prestazio hori berriz ere emateko aukera dagoen arte. Ondorio horietarako, prestazioa berriz hasteko modua egongo da, prestazioa eragozten zuten inguruabarrak edo neurriak amaitu ondoren, kontratazio-organoak kontratistari etena amaitu dela jakinarazten dionean.

Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzerik izango da soil-soilik, baldin kontratazio-organoak, kontratistak eskatuta eta bost egun naturaleko epean, kontratua gauzatzeko ezintasunaren bat hauteman badu, kontratuko lehenengo paragrafoan deskribatutako egoeraren ondorioz. Helburu horrekin, kontratazio-organoari aurkeztu beharko dio eskaera kontratistak, eta honako hauek adierazi beharko ditu: zergatik izan den ezinezkoa kontratua betearaztea; zenbat langile, bulego, ibilgailu, makina, instalazioa eta bestelako ekipo dituzten kontratua gauzatzeko atxikita une jakin horretan; eta zein arrazoi dauden kontratistak aipatutako baliabideak beste kontratu batean erabiltzerik ez izateko. Adierazitako epe hori igaro eta kontratistari berariazko ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat joko da eskaera.

Artikulu honetan aipatzen diren etenei ez zaie aplikatuko 208. artikuluaren 2.a) letran xedatutakoa, ez azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 239. artikuluan xedatutakoa, ez eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 220. artikuluan eta 231. artikuluan xedatutakoa ere. Paragrafo honetan xedatutakoa, "lanak garatzeko programarekin edo obra-planarekin" bat etorriz, kontratua gauzatzeko epea martxoaren 14tik (alarma-egoera hasten den eguna) eta horrek irauten duen bitartean amaitzea aurreikusita duten kontratuetan aplikatuko da, COVID-19k sortutako izatezko egoeraren edo Estatuak hartutako neurrien ondorioz, ezin izan bada obra entregatu. Kasu horietan, kontratistak aukera izango du azken entrega-epea luzatzeko eskatzeko, baldin eta hasierako epea luzatuz gero bete gabe dituen konpromisoak beteko dituela eskaini badu.

Epea etetea edo luzatzea, dena delakoa, erabaki ondoren, honako kontzeptu hauek baino ez dira ordainduko:

1.- Etenaldiak iraun bitartean, kontratistak kontratuaren exekuzio arruntari atxikitako langileei benetan ordaindu dizkien soldaten gastuak. Ordaindu beharreko soldata-gastuak hauen arabera ordainduko dira: 2017ko irailaren 26an argitaratutako eraikuntza sektoreko VI. Hitzarmen Kolektibo Orokorrean (2017-2021) zehaztutakoak edo negoziazio kolektiboaren beste esparru batzuetan itundutako hitzarmen baliokideetakoak, eta hauexek izango dira: eraikuntzaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren 47.2.a artikuluan aipatutako oinarrizko soldata, hitzarmen horren 47.2.b artikuluko desgaitasunagatiko osagarria, eta 47.2.b artikuluko aparteko haborokinak, eta oporren ordainsaria edo horien kontzeptu baliokideak.

Soldaten gastuak zera dira, martxoaren 14a baino lehen kontratua exekutatzeko atxikita zeuden eta kontratua berriz hastean berriz ere atxikita dauden langileen soldata-gastuak dira.

2.- Behin betiko bermea mantentzeak eragindako gastuak, kontratua etenik egon den garaikoak.

3.- Makina, instalazio eta ekipoen alokairu-gastuak edo mantentze-kostuak, baldin eta kontratistak egiaztatzen badu bitarteko horiek ezin izan direla erabili etendako kontratua gauzatzea ez den beste inolako helburuetarako, eta haien zenbatekoa txikiagoa bada makina, instalazio eta ekipoen alokairu- edo mantentze-kontratu horiek suntsiarazteko kostua baino.

4.- Agirian aurreikusitako eta kontratuaren xedeari lotutako aseguru-polizei dagozkien gastuak, kontratistak sinatu baditu eta kontratua eteteko unean indarrean badaude.

Artikulu honetan jasotzen diren kalte-ordainak eta kalte-galeren ordainak jasotzeko eskubidea aitortzekotan, kontratista esleipendun nagusiak honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu beharko du frogatzeko moduan:

  • Kontratista nagusiak bera, eta kontratua gauzatzeko kontratatu dituen azpikontratistek, hornitzaileek nahiz bestelakoek 2020ko martxoaren 14an egunean izatea laneko eta gizarteko betebeharrak.
  • Kontratista nagusiak 2020ko martxoaren 14an egunean izatea bere azpikontratistei eta hornitzaileei ordaintzeko betebeharrak, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legearen 216. eta 217. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

4. Errege lege-dekretu hau indarrean sartzean indarrean dauden obrak eta zerbitzuak emateko kontratu publikoen kasuan, eta kontratuok sektore publikoko erakundeek azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan zehaztutako moduan egindakoak badira, COVID-19k sortutako egitatezko egoeragatik nahiz Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak horri aurre egiteko hartutako neurriak direla-eta, emakidadunak eskubidea izango du kontratuko oreka ekonomikoa berrezartzeko. Halakoetan, kasuan kasu egoki denaren arabera, hasierako epea luzatzeko aukera izango du, gehienez ere % 15, edo kontratuan sartuta dauden eduki ekonomikoko klausulak aldatzeko.

Berroreka hori, edonola ere, emakidadunari diru-sarreren galerak zein kostu gehiago jasan behar izana konpentsatzeko izango da. Kostu gehigarri horiek, besteak beste, honako hauek dira: benetan ordaindutako soldata-gastu gehigarriak, hau da, obrak edo zerbitzuak emateko emakidaren kontratuaren exekuzio arrunterako aurreikusita leudekeen gastuekin alderatuta, bentan izan direnak. Konpentsazio hori aldez aurretik eskatu beharko da, eta kontratistak gastu horiek zenbatekoak diren, egiazkoak direla eta eraginkorrak direla egiaztatu beharko du, ziurtatzeko moduan.

Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzekotan, kontratazio-organoak, kontratistak eskatuta, kontratua gauzatzea ezinezkoa dela hauteman beharko du, kontratuko lehenengo lerrokadan deskribatutako egoeraren ondorioz.

5. Artikulu honetan jasotakoa kontratu hauei ere aplikatuko zaie: errege lege-dekretu hau indarrean jartzean indarrean zeudenak, sektore publikoko erakundeek eginik uraren, energiaren, garraioen eta posta-zerbitzuen sektoreetako kontratazio-prozedurei buruzko urriaren 30eko 31/2007 Legearekin bat, edo kontratazio publikoaren arloan zenbait zuzentarau (zehazki, honako sektore hauetakoak; aseguru pribatuak, pentsio-plan eta -funtsak, tributuak eta auziak) Espainiako ordenamendu juridikoan sartzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 4ko 3/2020 Errege Lege Dekretuaren I. liburuarekin bat.

6. Artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan aurreikusitakoa ez zaie inola ere aplikatuko honako kontratu hauei:

a) Osasuneko, farmaziako edo bestelako zerbitzu edo hornidurako kontratuei, COVID-19k eragindako osasun-krisiarekin lotutako helburua badute.

b) Sistema informatikoen segurtasun-, garbiketa- edo mantentze-zerbitzuetako kontratuei.

c) Garraio-azpiegituren eta -zerbitzuen mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko behar diren zerbitzu- edo hornidura-kontratuei.

d) Merkatu ofizialetan kotizatzen duten eta Estatuko Aurrekontu Orokorretatik diru-sarrerarik lortzen ez duten erakunde publikoek esleitutako kontratuei.

Artikulu honetan aurreikusitako araubideak ez ditu eragotziko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak hartutako neurriak, neurririk hartuko balu, bera baita COVID-19k eragindako osasun-krisiak kudeatuz jendea, ondasunak eta lekuak babesteko ezinbesteko prestazioak ziurtatzeko ezarritako alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluan izendatutako agintaritza eskuduna. Baliteke neurri horiek, besteak beste, kontratuak etetea bidezko jotzeko kasuak aldatzea.>>

Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritako neurriak kontuan hartuta, eta neurri horietako batzuek zalantzak eragin dituztenez, honako jarraibide hauek ezarri ditugu:

Lehena. - Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluaren eremu subjektiboa sektore publikoko erakundeek osatzen dute, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 3. artikuluan zehaztutakoaren ildoan.

Bigarrena. - Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluaren eremu objektiboari dagokionez, 2020ko martxoaren 18an indarrean zeuden sektore publikoko erakundeek egindako kontratu guztiek osatzen dute, baldin eta horiek betearaztea ezinezkoa bada COVID-19ren ondorioz edo Estatuak, autonomia-erkidegoek edo toki-administrazioak hartutako neurrien ondorioz.

Hirugarrena. - Soldata-gastuen kontzeptuari dagokionez, zuzendaritza honen ustez, alarma-egoera honetan emandako arau guztien interpretazio sistematiko eta teleologikoa kontuan hartuta, alarma-egoera soldata-kostuaren kontzeptuarekin identifikatuta dago, eta, beraz, kontzeptu horretan sartuta egongo lirateke bai soldata gordina bai enpresaren kargu dauden gizarte-kostuak ere. Soldata-gastu horiengatik kalte-ordaina jasotzeko, aldez aurretik justifikatu beharko da soldatak ordaindu direla eta kotizazio-kuoten zenbatekoak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian sartu direla.

Laugarrena. - Kontratua eteteagatik kontratistei legozkiekeen kalte-ordainei dagokienez, Errege Lege Dekretuak honako hau jasotzen du: < < […] erakunde adjudikatzaileak kontratistari ordaindu beharko dizkio etenaldiak iraun artean kontratistak benetan jasandako kalte eta galerak, aurrez eskatuz gero eta gastuok benetakoak direla, zenbat diren eta eraginkorrak direla zinez egiaztatu ondoren […] >>, eta kontratistak ez dauka zertan itxaron etenaldia amaitu arte. Beraz, xedapen horien interpretazio teleologikoa kontuan hartuta, uste dugu ez dela beharrezkoa etenaldia amaitu arte itxaron behar izatea kontratistak, benetan jasan dituen kalte-galerak erreklamatzeko; aitzitik, gastuok sortu ahala eskatzerik izango du, eta kontratazio-organoak ere hala aitor ditzake, ondoz ondo, kontratistak zinez egiaztatzen dituen neurrian.

Bosgarrena. - Eteteari dagokionez, kontratazio-organoak erabaki beharko du etena egin, egin behar dela, kontratua gauzatzea ezinezkoa dela ikusiz gero eta, betiere, kontratistak eskatuta. Etetea erabaki ondoren, besterik gabe sortuko ditu etenaldiak ondorioak, eta kontratua bete beharra de facto eten zen unetik aurrera izango dute atzeraeragina. Baldin eta kasuren batean, kontratazio-organoak Errege Lege Dekretua argitaratu aurretik erabaki badu kontratua etetea, etenaldia berresteko eskatuko dio kontratistari, edo, bestela, egoki irizten diona alegatzeko kontratazio-organoak etenaldia jarraitu ala ez jarraitu erabakitzeko aldera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoak 27.

Sin.: DAVID ALVAREZ MARTINEZ

Deskargatu Zirkularra 2/2020 

Euskadi, auzolana