Informazio orokorra
Ongi etorri Kontratatzailearen Profilera. Atal honetan EAEko sektore publikoaren erakundeek egiten dituzten kontratazioei buruzko informazio guztia eskuratuko duzu. Kontratuak arautuko dituzten agirietarako sarbide librea, zuzena, osoa eta doakoa eskaintzen du sistemak, aukera honen bidez: iragarkiak bilatzea.
Kontratazio Publikoa Euskadin Plataformaren (KPE) eta Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataformaren (SPKP) arteko elkarreragingarritasuna eginda dagoenez, gure lizitazioak bi plataformatan aurkezten dira.
Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea n jasotzen da Kontratatzailearen Profilaren deskribapena. Lege horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora.
Kontratazio-organoek edo kontratazioan laguntzeko organoek kontratatzailearen profilean sartutako datu pertsonalen gaineko erantzukizuna botere adjudikatzaileari dagokio, bai iragarkiak bai Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 63. artikuluan aipatzen diren dokumentu guztiak argitaratzen dituenari.
Datu horien gaineko eskubideak baliatzeko, argitalpena egin duen botere adjudikatzailera jo behar duzu, eta haren harremanetarako datuak dagokion profilean egongo dira.
- Baldintza-agirietan eta agiri baliokideetan jaso beharko da kontratatzailearen profilera nola sartu, bai eta, kasu guztietan, lizitazio-iragarkietan ere.
- Kontratatzailearen profilaren berri ematea ez da eragozpena izango bestelako publizitate-bitarteko batzuk ere erabil daitezen hala ezartzen den kasuetan.
- Edozeinek eskura dezake kontratatzailearen profileko informazioa; ez zaio aldez aurretik identifikaziorik eskatuko. Hala eta guztiz ere, identifikatzeko eskatu ahalko zaio kontratatzailearen profilaren edukiarekin lotutako zerbitzu pertsonalizatu batzuk eskuratzeko, hala nola harpidetzak, alertak bidaltzea, komunikazio elektronikoak eta eskaintzak bidaltzea.
- Kontratatzailearen profiletan jasotako informazio guztia formatu ireki eta berrerabilgarrietan argitaratuko da, eta jendeak eskuratzeko moduan egongo da gutxienez ere 5 urtez; hori, hala ere, ez da eragozpen izango aurreagoko espedienteak ere eskuratzeko, informazio-eskaerak egiten badira.
- Nolanahi ere, nahitaez jaso beharko da honako informazio hau: alde batetik, kontratazio-organoarekin harremanetan jartzeko balio dezakeen informazio orokorra –esate baterako, kontaktu-puntuak, telefono- eta fax-zenbakiak, posta-helbidea eta helbide elektronikoa, eta informazioa, iragarkiak eta dokumentu orokorrak, hala nola kontrataziorako barne-jarraibideak eta dokumentu-ereduak–, eta, bestetik, egiten dituen kontratuei buruzko informazio zehatza.
- Kontratua justifikatzeko oroitidazkia; zerbitzu-kontratuen kasuan, bitartekoak ez direla nahikoa azaltzen duen txostena; prozedura irekia edo prozedura murriztua erabili ez badira, kontratua adjudikatzeko erabili den prozeduraren justifikazioa; kontratua zuzenduko duten administrazio-klausula partikularren agiria eta preskripzio teknikoen agiria edo antzeko agiriak, kasua bada, eta espedientea onesten duen agiria.
- Kontratuaren xede xehakatua, kontratuaren iraupena, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua eta lizitazioaren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga barne dela.
- Honako iragarki hauek, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuen arauetan ezarritako salbuespenekin: aurretiazko informazioa ematekoak; lizitazioen deialdia egitekoak; kontratuak adjudikatzeari eta egiteari buruzkoak; aldaketak egitekoak eta haien justifikazioari buruzkoak; proiektuen lehiaketei eta proiektuen lehiaketen emaitzei buruzkoak.
- Kasua bada, kontratuaren publizitatea egiteko erabili diren bitartekoak eta argitalpen horietarako estekak.
- Prozeduran parte hartutako lizitatzaileen kopurua eta haien izena, bai eta kontratazio-mahaiak adjudikazio-prozedurari buruz egindako akta guztiak ere edo, mahaiak jarduten ez badu, dagokion kontratazio-zerbitzu edo -organoaren ebazpenak; eskaintza bakoitzaren balio-iritzi bat eginez kuantifika daitezkeen adjudikazio-irizpideak balioesteko txostena; kasua bada, 149.4 artikuluak aipatzen duen ustezko anormaltasunean sartzen diren eskaintzei buruzko txostenak, eta, nolanahi ere den, kontratua adjudikatzeko ebazpena.
Halaber, kontratatzailearen profilean argitaratu beharko dira: kontratua ez adjudikatzeko edo ez egiteko erabakia; adjudikazio-prozeduran atzera egitea; prozedura hutsik deklaratzea, bai eta errekurtsoen aurkezpena eta kontratuen behin-behineko etetea ere, errekurtsoak aurkeztearen ondoriozkoa.
- Kontratu mota horretarako, informazio hau argitaratu beharko da, gutxienez ere: objektua, iraupena, adjudikazioaren zenbatekoa –balio erantsiaren gaineko zerga barne– eta adjudikaziodunaren izena.
- Kontratuak adjudikaziodunaren izenaren arabera ordenatuko dira.
- Aurreko paragrafoan aipatzen den argitaratzetik salbuetsita egongo dira bost mila eurotik beherako balio zenbatetsia duten kontratuak, betiere botere adjudikatzaileek erabilitako ordainketa-sistema kutxa finkoko aurrerakina bada, edo ordainketa txikiak egiteko antzekoa den beste sistema bat.
- Kontratatzaile-profilean argitaratu beharko dira hauek ere: deuseztaturiko prozedurak, kontratazio-organoei laguntzen dieten kontratazio-mahaien osaera, eta balio-judizio baten araberakoak diren adjudikazio-irizpideak aplikatzeko adituen batzordeetako edo erakunde tekniko espezializatuetako kideen hautaketa, horiek beharrezkoak diren prozeduretan.
- Betiere, kontratazio-mahaietako eta adituen batzordeetako kideen kargua argitaratu beharko da, eta ez da zilegi izango aipamen orokorrak edo zehaztugabeak egitea, edo kide haiek ordezkatzen duten edo lan egiten duten administrazioa, erakundea edo entitatea aipatzea bakar-bakarrik.
- Bitarteko propioei BEZik gabe 50.000 euro baino gehiagoko zenbatekoa duten mandatuak emanez gero, mandatu horien formalizazioa ere kontratatzaile-profilean argitaratuko da.
- 5.000 euro baino gehiagoko zenbatekoa duten mandatuei buruzko informazioa hiru hilabetean behin argitaratu beharko da, gutxienez ere.
- Horrelako mandatuetarako, informazio hau argitaratu beharko da gutxienez ere: haien xedea, iraupena, aplikatzekoak diren tarifak eta enkarguaren hartzaile den bitarteko propioaren izena.
- Mandatuak bitarteko propioaren izenaren arabera antolatuko dira.
- Kontratatzaile-profilaren sistema informatikoak aukera eman beharko du modu sinesgarrian frogatzeko bertan jasota dagoen informazioa publikoki noiz hasi zen zabaltzen.
- Aukera egongo da kontratuaren formalizazioari buruzko datu jakin batzuk ez argitaratzeko, 154.7 artikuluak ezartzen dituen kasuetan.
- Nolanahi ere, kontratazio-organoak, aurreko paragrafoan xedatuari jarraituz informazioren bat kanpoan uztea erabakitzen duen bakoitzean, hori espedientean arrazoitu beharko du.
Eskuragarri dago KontratazioA plataforma berriaren widgeta. 2021/06/21ean sartuko da produkzioan, eta widget berri honek egungo bertsioa ordezkatuko du.
Informazio gehiago: Plataforma KontratazioA - Widget berria eskuragarri - KPE (euskadi.eus)
Azken aldaketako data: